Urdaibaiko bizikleta-kultura ezagutzen: zikloturismoa eta bizikletaz mugitzea goresten duten muralak

2023an, bi mural eraiki ziren Urdaibain, eskualdeko bizikleta-kultura aberatsari omenaldia egiteko eta bizikleta bidezko mugikortasun jasangarriaren aldeko konpromisoa nabarmentzeko.

Urdaibai Biosfera Erreserba (Euskadi) paradisu bat da bizikletaren eta zikloturismoaren zaleentzat, eta hala izan da denbora luzean. Ez da harritzekoa eskualde horrek hemengo zein hango hainbeste txirrindulariren bihotzak ostu izana; izan ere, itsasora ematen duten paisaia ederrak, herri xarmagarriak eta mendi-ibilbide latzak ditu.

2023an, bi mural eraiki ziren Urdaibain, eskualdeko bizikleta-kultura aberatsari omenaldia egiteko eta bizikleta bidezko mugikortasun jasangarriaren aldeko konpromisoa nabarmentzeko. Artelan horiek, Urdaibaiko kaleak eta paisaiak edertu ez ezik, komunitatean txirrindularitzarekiko eta zikloturismoarekiko dagoen pasio partekatuaren sinbolo dira.

Lehenengo murala Muruetako lehengo udaletxean dago, eta Jokin Sortwo artista talentudunak egin zuen. Mural hori inguruko erakargarri garrantzitsu bihurtu da, eta bertakoa den Pello Bilbao txirrindulariari egiten dio gorazarre. Bilbao, txirrindularitza profesionalean egindako lorpenengatik ezaguna, eskualdeko izar bat da, kirol-espirituaren eta txirrindularitzaren dedikazioaren ikur. Sortworen muralak Pello Bilbaoren esentzia gorde du konposizio bizi eta dinamiko batean. Txirrindulariaren figura betikotu du Muruetako hormetan. 2023an, Frantziako Tourra Urdaibaitik igaro zenean, mural horrek mundu osoko ikusleen eta txirrindularien arreta bereganatu zuen, eta eskualdearen nortasunarentzat txirrindularitzak zer garrantzi duen nabarmendu zuen.

Bigarren murala Udatxo artista talentudunak egin zuen, eta Mundakako saihesbidean zehar dagoen horma bat apaintzen du. Obra horrek txirrindularitzaren aniztasuna eta Urdaibaiko paisaia bereizgarrienak gordetzen ditu, hori guztia kolore- eta sormen-eztanda batean. Errepideko txirrindularietatik hasi eta mendiko txirrindularietaraino, Udatxok eskualdean praktikatzen diren hainbat eta hainbat txirrindularitza-modalitate irudikatzen ditu. Gainera, muralak Urdaibaiko elementu ikonikoak erakusten ditu, hala nola Santa Katalina ermita eta Mundakako olatu famatua, itsasoan dabiltzan arrantza-ontzien ondoan. Txirrindularitzaren eta tokiko elementuen fusio horrek txirrindularien komunitatearen eta ingurune naturalaren arteko lotura estua azaleratzen du.

Urdaibaik zikloturismoarekin, txirrindularitzarekin eta bizikleta bidezko mugikortasunarekin duen konpromiso hunkigarriaren lekuko dira bi muralak. Hiri-paisaia edertu baino gehiago egiten dute: Urdaibaiko txoko ederrenak bi gurpilen gainean ezagutzera animatzen dituzte bertakoak zein bisitariak. Gainera, txirrindularitza eskualdean barrena modu jasangarri eta osasungarrian mugitzeko zeinen garrantzitsua den gogorarazteko balio dute mural horiek.

Hortaz, Jokin Sortworen eta Udatxoren muralak Urdaibairen bihotzean dauden altxorrak dira, eta eskualdearen bizikleta-kultura aberatsa eta edertasun naturala goratzen dituzte. Anima daitezela txirrindularitzaren zale amorratu guztiak artelan hauek ezagutzera eta Urdaibaiko paisaia paregabeetan barrena pedalei eragiteko esperientzia zirraragarrian murgiltzera.

small_c_popup.png

Learn how we helped 100 top brands gain success.

Let's have a chat